
Goierriko artistek itxiko dute abuztuko kultur egitaraua
Lazkao Goierriko sei bertsolari gazteren saioa izango da gaur; bihar, berriz, Drindots taldeak joko du plazan.
arkaitz apalategi
Aste honetan bukatuko dira Lazkaon Maizpide euskaltegiak eta Udalak uztailerako antolatutako kultur ekitaldiak. Azken aste honetarako Goierriko artisten saio bana izango dira, gaur bat eta ostegunean bestea. Abuztuan, berriz, euskaltegi barruko ekitaldiek hartuko dute erreleboa.
Gaur gaueko 22:00etan hasita, Goierriko bertsolarien saioa izango da Euskadi plazan. Sei bertsolari gazte igoko dira plazako eszenatokira: Iñaki Apalategi, Iban Urdangarin, Ainhoa Mujika, Joseba Agirrezabala, Endika Igarzabal, Julen Agirre. Gai jartzaile lanetan Jokin Murua ariko da.
Abuztuko azken ekitaldirako Lazkaoko jaien eta udako ekitaldien klasiko bat gorde dute: Drindots taldearen kontzertua. Udako erromeria eta jaien zurrunbiloan buru-belarri sartuta dabiltza Urdangarin eta konpainia, baina urtero hartzen dute tarteren bat Lazkaoko plazan jotzeko. Kontzertua etzi 22:00etan izango da.
Abuztua eta iraila
Uztailerako antolatutako ekintzak aste honetan bukatuko badituzte ere, udako euskara ikastaroen inguruko kultur egitarauak irailera bitartean jarraituko du martxan. Abuztuan zehar, hainbat ekitaldi izango dira Maizpide euskaltegian bertan. Abuztuaren 6an, Koldo Amestoyk ipuinak kontatuko ditu adin guztietako herritarrentzat. Hilaren 12an berriz, lau bertsolari ezagunek, bertso-trama egingo dute. Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi eta Maialen Lujanbio bilduko ditu saio berezi honek.
Abuztua bukatu aurretik, beste bi saio izango dira. Hilaren 20an, kantaldia egingo dute Maizpideko ikasleek eta herritarrek, Aitor Furundarena soinujoleak lagunduta. Hilaren 28an berriz, afaria egingo dute, Dani Oiarbide eta Iker Zubeldia trikitilariek lagunduta.
Irailean zehar ere ez da kultur ekitaldirik faltako Lazkaon. Egitarauaren azken txanparako, Josune Bereziarturen ikusentzunezkoa, Bota patsa! antzezlana eta Andoni Egañaren hitzaldia gorde dituzte. Udako euskara ikastaroak, bertso afari batekin agurtuko dituzte, irailaren 25ean.
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
Erakusketa
Askatasunaren inguruko erakusketa
LEGAZPI, Legazpiko Kultur Etxean - 2008-10-01
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.