Edukira joan

Goierriko Hitza

Lazkao
2008ko abenduak 1, Astelehena

;2008-07-19;MUSIKA. Gauak, neskak eta tabernak

Musika ðð Zigarroa ahoan eta gitarra eskuan, ordu eta erdiko kontzertua eman du Txuma Murugarrenek Lazkaon, 150 bat lagunen aurrean.

Gauak, neskak eta tabernak

arkaitz apalategi

Gauari kantatzen dio Txumak. Goizaldeko ordu txikietan ixtear dagoen taberna zuloari eta barraren bestaldetik begira dagoen tabernariari. Joan diren lagunei eta 1980ko hamarkadari. Eta, nola ez, maitasunari ere kantatzen dio, baina ez musika komertzialak ohituta gauzkan soilkeriarekin. Izan ere, Txuma Murugarren ez da artista komertziala, ez da ohiko kantaria. Ahots garratza eta ke arteko gauetan landutako letrak erabiltzen ditu jendearengana iristeko.

Duela zortzi urte ekin zion bakarkako ibilbidearei, Sasoi Ilunak taldearen garaiak atzean utzita. Harrezkero bost disko kaleratu ditu, eta gaur egun musikaren mundua, eta batez ere euskal musikarena nola dauden ikusita, hori ez da txantxetako marka. Bakarkako ibilbidea hastearekin batera, bere estilo propioa bilatzeko bideari ekin zion Txumak, eta azken lanetan sendo ageri da, musikari talde on baten babesean.

Ostegun gauean Lazkaon eman zuen kontzertua, garapen honen adibide izan zen. Ez zen luzapenetan ibili eta taula gainean ordubete eskas zeramala egin zuen lehen agurra. Jendeak hala eskatuta itzuli zen ordea, eta bisean etorri zen kontzertuko unerik gorena. Denera ordu eta erdiko emanaldia osatu zuen, eta gustora utzi zuen Lazkaoko publikoa.

Hegazkinen arima laneko kanturen bat berreskuratu bazuen ere, gehienak azken lanetakoak izan ziren. Eta batez ere, Marjinalia azken laneko kantetan hazi ziren gehien Txuma eta bere musikariak. Tronpeta bakartiaren soinuek gau galdu bateko taberna zulora eraman zuten entzulea. Gauari kantatu zion, eta neskei, eta tabernei. Hori da Txumaren terrenoa, eta hor sentitzen da erosoen.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.