Edukira joan

Goierriko Hitza

Lazkao
2008ko abenduak 1, Astelehena

;2008-07-09;EUSKARA. Euskararen alde egotetik egitera

Lazkao ðð Kontseiluaren 10 urteotako ibilbidea irudikatzen duen erakusteka Lazkaon izango da aste honetan; euskalgintzako hainbat ordezkarik parte hartu zuten herenegun, irekiera ekitaldian.

Euskararen alde egotetik egitera

e. gorrotxategi-a.apalategi

Maita nazazu gutxiago, goza nazazu gehiago». Kanta ezagun hark zioen moduan, «euskararen alde egotetik egitera» pasatu da Euskara Erakundeen Gizarte Kontseilua. Sortu zeneko hamargarren urteurrena ospatzen ari da aurten, eta antolatu dituzten ekitaldien baitan, urte hauetako lana eta bilakaera azaltzen duen erakusketa ibiltaria dago. Aste honetan, Lazkaoko kultur etxean izango da ikusgai.

Lazkaoko euskalgintza mugimenduko hainbat lagun, udal ordezkariak eta Maizpide euskaltegiko ikasleak bildu ziren, hainbat herritarrekin batera, erakusketa zabaltzeko ekitaldian. Bost panelek estaltzen dituzte Kultur Etxeko hormak. Hauetan, Kontseiluaren hamar urteotako ibilbidea eta egindako lana jasotzen da, irudi, informazio idatzi eta teknologia berrien bitartez.

Zigor Etxeburua Kontseiluko ordezkariak hartu zuen hitza astelehen iluntzeko irekiera ekitaldian. Bere esanetan, euskalgintzaren arloan «oraindik asko dago egiteko». Hain zuzen ere, eman beharreko pauso hori irudikatu nahi izan dute lelo berriarekin; «Bai Euskarari» izatetik «Euskaraz Bai» izatera pasatu baita.

Euskal Herrian barrena

Kontseiluaren 10. urteurreneko erakusketa ibiltari hau, apirilean jarri zuten martxan Baigorrin. Euskal Herriko makina bat txoko pasako ditu oraindik, harik eta abenduaren 13an, BECen egingo den ekitaldian azken agurra eman arte. Lazkaoko erakusketa, ostiralera bitartean bisitatu ahal izango da. Gaur eta bihar, 17:00etatik 21:00etara bitartean irekiko ditu ateak. Ostiralean berriz, 15:00etatik 18:00etara egongo da zabalik.

Zazpi astoren gainean

Udako euskara ikastaroen egitarauarekin jarraitzeko, bihar arratsaldeko 18:30ean, kaleko bertso saioa izango da Lazkaon. Zazpi astoren gainean izena jarri diote ekimenari, eta Lazkaoko tabernetan hasita, herri osoa bertsotan zeharkatuko dute Iñaki Apalategi, Agin Rezola, Unai eta Ane Larreategi dira lau bertsolariek; Maizpide euskaltegian bukatuko dute saioa.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.