Edukira joan

Goierriko Hitza

Lazkao
2008ko abenduak 1, Astelehena

;2008-07-04;GIZARTEA. Ustez nahita piztutako suteak kalteak eragin ditu Lazkaoko Soinua hotelean

Ustez nahita piztutako suteak kalteak eragin ditu Lazkaoko Soinua hotelean

Lazkao Adin txikiko bederatzi etorkin zeuden bertan; batek leihotik salto egin eta bihurritu bat du, besteek ez dute kalterik.

arkaitz apalategi

Lazkaoko Zubierreka industrialdean dagoen Soinua hotelean sutea piztu zen atzo goizean, itxura denez nahita eraginda. Ohe baten gainean zeuden kaxa batzuei sua eman zieten, eta gela osoa erre zen. Sua gehiago zabaldu ez bazen ere, kearen eta beroaren ondorioz lehen solairu osoa kaltetuta gelditu da. Goizeko 09:50ean jaso zuten deia Ordiziako suhiltzaileek, eta hiru unitate joan ziren Lazkaoko hotelera. Ordu erdiren buruan kontrolpean zuten sutea.

Adin txikiko bederatzi etorkin bizi izan dira orain arte Soinua hotelean, Foru Aldundiaren ardurapean. Antza denez goizeko zazpiak aldean istiluak izan ziren gazteen eta zaintzaileen artean, eta Ertzaintza ere bertaratu zen. Istilu haien ondoren piztu zen sutea hoteleko gela batean. Gertakariaren ondorioz hotela itxita gelditu da, konponketa lanak egin eta berriro zabaltzeko baimena lortu arte. Tabernak ordea ez du aparteko kalterik izan, eta normaltasunez irekiko dutela espero da.

Ordiziako suhiltzaileen izenean Joseba Alargunsorok azaldu zuenez gar handiak zeuden. «Iritsi garenerako bidetik ikusten zen kea eta sua nabarmena zela. Iritsi bezain pronto berehala lokalizatu dugu sua; gela batean zegoen, baina solairu osoa kaltetuta gelditu da». Hala ere, eraikinaren egiturak ez du kalterik jasan.

Sutea piztu ondoren, adin txikiko bederatzi etorkinetako batek hotelaren atzealdeko leihotik salto egin zuen, eta erortzerakoan orkatila bihurritu zuen. Anbulantzian eraman zuten ospitalera. Gainontzeko gazteek kea arnastu bazuten ere ez zuten kalte larririk jasan.

Bestalde, GOIERRIKO HITZAk jakin ahal izan duenez, gazte horiek beste egoitza batera eramango dituzte orain, eta antza denez ez dira Lazkaoko Soinua hotelera itzuliko.

Aldundiaren ardurapean

Foru Aldundiak dozenaka pisu hartuta dauzka Gipuzkoan, adin txikiko etorkinak babesteko programaren baitan. Goierriri dagokionez, mota horretako hainbat pisu eta ostatu daude, tartean Beasainen, Zaldibian edota Gabirian. Lazkao hotelaren kasuan solairu osoa etorkin gazteentzat hartuta zuen Aldundiak, eta ez zegoen bestelako bezeroentzako tokirik.

Gazteak Foru Aldundiaren ardurapean badaude ere, ez zen erakunde horretako arduradun zuzenik gerturatu atzo Lazkaora. Kazetariei lehen solairura igotzen ez uzteko agindua eman zuten.

Aurrekariak

Lazkaoko hotelean sute bat gertatzen den aurreneko aldia izan bada ere, aurretik ere izan da istilurik bertan. Tabernako bezeroak diren hainbat lekukok azaldu dutenez «ia egunero entzuten ziren oihuak, eta tarteka ateren bat edo kanpoko kotxeetako ispiluak puskatzen zituzten». Hoteletik gertu bizi den emakume batek, berriz, suteak ez duela asko harritu eta «horrelako zerbait» gerta zitekeela espero zuela azaldu du.

Antzeko gertakari bat izan zen Seguran joan den urtean. Ustez nahita eragindako sutea izan zen Aingeru Goardakoa aterpetxean; kalteak larriagoak izan ziren, eta aterpetxea kiskalita gelditu zen.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.