
2008-09-25 | 14:24:38
Areria kulturgune berriak dagoeneko ireki ditu ateak
Gaur goizean egin dute irekiera ekitaldia, agintariak eta kultur munduko ordezkariak bertan zirela.
Lazkao eta Goierri mailako kultur arloaren erreferentzia izateko asmoarekin inauguratu dute gaur Areria kulturgune berria. Lazkaoko Udaleko eta Foru Aldundiko agintariak ez ezik, herriko kultur mugimenduetako ordezkariak eta hainbat herritar ere izan dira aurkezpen ekitaldian. Bertan bildu diren gehienek, «honelako azpiegitura baten beharra» zegoela eta harrera ona egin diote kulturgune berriari.
2008-09-19 | 09:57:23
Lazkaoko Areria kulturguneak ostegunean irekiko ditu ateak
Inaugurazio ofizialaz gain, bisitaldiak eta jaialdi bat ere antolatu dituzte
Bi urteko eraikuntza lanen ondoren, ateak irekitzeko prest dago Lazkaoko Areria kulturgunea. 358 lagunentzako tokia duen antzokia eta dantza zein musika ikasteko aretoak izango ditu eraikin berriak. Datorren ostegunean egingo dute inaugurazio ekitaldi ofiziala. Arratsaldean berriz, herritarrek eraikina barrutik ikusteko aukera izango dute. Ostiralean, herriko kultur talde ezberdinek osatutako jaialdia eskainiko dute.
2008-07-03 | 11:07:30
Adin txikiko etorkinak bizi diren Lazkaoko hotel batean sua piztu da
Gela batean sortu da sutea, eta ez da eraikinera zabaldu. Gaztetxo bat erietxera eraman dute, orkatila bihurritu duelako
Lazkaoko Zubierreka industrialdean dagoen Lazkao Hotelean sutea izan da gaur goizean. Adin txikiko etorkinak ostatu hartuta dauden gela batean piztu da sua, arduradunek adierazi dutenez ohe bati su emanda. Suhiltzaileek 09:50ean jaso dute abisua, eta ordu erdiren buruan kontrolatu dute sutea. Hiru unitate bertaratu dira. Garrak ez dira eraikinaren gainontzeko geletara zabaldu. Lehenengo solairutik salto egin duen gaztetxo bat erietxera eraman behar izan du anbulantziak, orkatila bat bihurrituta. Kea arnasteagatik beste egoiliar batzuek ere arazo arinak izan dituzte, baina ez dute ospitalera joan beharrik izan. Lazkaoko hotelean adin txikiko 9 etorkin bizi dira, Foru Aldundiaren zaintzapean.
2008-04-30 | 13:36:04
Lazkaomendiko taldeak errebantxa hartu du, herri kirol saioa irabazita
Bihar bukatuko dira Lazkaoko San Prudentzio jaiak
Koadrilen eguna ospatzen ari dira gaur Lazkaon. Eguneko ekitaldi nagusietako bat, Lazkao eta Lazkaomendiko gazteen arteko herri kirol saioa izan da. Iaz, kaletarrak izan ziren nagusi, baina aurten, errebantxa hartu du Lazkaomendiko taldeak. Besteak beste, aizkoran, harrijasotzen, trontzan, txingatan edota asto karreran aritu dira. Apustuak ikusmina sortu du herritarren artean, eta jende ugari bildu da plazaren bueltan.
2008-04-25 | 12:49:43
Haurrek estreinatu dituzte festak Lazkaon
Goizean ikasgelak utzi eta barraketan jolasean ibili dira
Lazkaoko haurrentzat egun berezia izan da gaurkoa. San Prudentzio festak hasten direla eta, pare bat orduz ikasgelak utzi eta atarian dituzten barraketara joan dira. Korrika, pozez zoratzen eta joko guztiak probatu nahian ibili dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeak. Jaien haserako txupinazoa zazpietan botako badute ere, haurrak izan dira festak estreinatzen lehenak.
2008-04-10 | 16:15:48
Euskal Herriko Wu Shu Kopa jokatuko dute bihar Lazkaon
Euskal Herriko eta atzerritik etorritako 300 lagunek parte hartuko dute
Wu Shua, "arte martzial guztien ama" dela diote. Bere baitan, 20 bat modalitate ezberdin biltzen ditu, tartean borroka edota arma zuriak, baina baita musikarekin lagunduta egiten diren forma eta estilo tradizionalak ere. Goizean zehar, haur eta gaztetxoen erakustaldia izango da Lazkaoko kiroldegian. Arratsaldeko 15:00etan berriz, helduen mailako lehia hasiko da. Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketak jokatuko dituzte aurrena, eta ondoren, Euskal Herriko Kopa jokatuko dute bertako eta atzerritik etorritako kirolariek. Arratsaldeko 17:30etik aurrera berriz, Wu Shuaren modalitate ezberdinen erakustaldia egingo dute, musika eta jantzi koloretsuekin lagunduta.
2008-04-02 | 09:28:34
Lazkao Txiki gogoratuko dute, hil zeneko 15. urteurrenean
Duela hamabost urte, biharko egunez hil zen Joxe Migel Iztueta 'Lazkao Txiki' bertsolari ezaguna
Joxe Migel Iztueta 'Lazkao Txiki' hil zela hamabost urte beteko dira bihar. Hau dela eta, bere omenez hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun hauetarako. Ekitaldi hauekin, Lazkao Txiki nor izan zen gogoratu eta ondorengoei transmititu nahi diete. Ostiral gaueko 20:30ean, bertso-afaria egingo dute Lazkaomendiko Lartxai Elkartean. Bertan, Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze bertsolariek parte hartuko dute. Igande eguerdian berriz, urteroko jaialdia egingo dute Lazkao Txikiren izena daraman plazan. Besteak beste, dantzariak, bertsolariak eta herriko musikariak izango dira.
2008-02-20 | 19:53:19
Egunkaria auzia salatu dute, itxi zuteneko bosgarren urteurrenean
Lazkaon elkarretaratzea egin dute iluntzean
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuten duela bost urte. Gertakari hura eta ondorengo auzia salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur iluntzean Lazkaoko plazan. 70 bat lagun elkartu dira 'Egunkaria libre' zioen pankartaren atzean, tartean, euskalgintza, kultura eta politika munduko jendea. Protesta ekitaldia amaitzeko, Andoni Egañak auzi honen harira egindako bertsoak kantatu zituzten.
Erakusketa
'Bizitza ekologikoa gure eskura' argazki erakusketa
ORDIZIA, Ordiziako D'elikatuz gunean - 2008-10-11
Zinema
Asesinato justo filmearen emanaldia
BEASAIN, Usurbe Antzokia - 2008-10-11
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.